Bilatzailea> Home| Kontaktua | Loturak Euskara | Castellano | English
  Aurkezpena
  Aurreko edizioak
  2008ko Programa
  Hamabostaldiaren Lagunak
  Artistak
  Berriak
  Denda
  Prentsa-aretoa
  Sarreren salmenta
  Egoitzak
  Beste jarduerak
  Buletina
  Babesleak
Zurriola Etorbidea 1 · 20002 Donostia
Tel. 943 003 170 · Fax: 943 003 175
e-maila: quincenamusical@donostia.org
 
 
     
 
DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIAREN 68. EDIZIOAREN BALANTZEA
 

55.000 IKUSLEK BABESTU ZUTEN MUSIKA HAMABOSTALDIA, VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA EGOITZA GISA BERRESKURATU ZUEN 68. EDIZIOAN

Ikusleen babes handia izan zen, aurreko urteetan bezala, 2007ko abuztuaren 6tik irailaren 4ra egin zen Musika Hamabostaldiaren 68. edizioko daturik nabarmenena. 55.000 ikuslek gozatu zuten jaialdiaren egoitza ugarietan programatutako kontzertuez. Egoitzen artean Victoria Eugenia Antzokia gailendu zen, Musika Hamabostaldirako berreskuratu baitzen hainbat urtez obratan egon ondoren. 

Kursaal Auditorioko zikloak eskainitako hamalau ikuskizunetatik hamaikatan  lepo bete zen aretoa. Orotara, 24.649 ikusle bertaratu ziren Musika Hamabostaldiko eszenatoki nagusiko emanaldietara.

Nicanor Zabaleta (1907-1993) harpa jotzaile birtuosoaren jaiotzaren mendeurrenaren oroitzapena Musika Hamabostaldiko historiako proposamen hunkigarrienetakoa bihurtu da. Arrakasta handia izan zuten harpista donostiarraren omenez Chillida-Lekun eskainitako lau kontzertuek –guztietan bete zen Zabalaga baserria–. Harrera aparta izan zuten ere Victoria Eugenia Antzokian Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Nicanor Zabaletari eskainitako kontzertu-omenaldiak nahiz bertan paratutako harpa jotzaile donostiarrari buruzko erakusketak ere.

Hain justu, Musika Hamabostaldiak Victoria Eugenia Antzokia egoitza gisa berreskuratu zuen iaz Domenico Scarlatti (1685-1757) musikagile italiarraren “L’Ottavia restituita al trono” operaren berreskuratze musikalarekin batera. “L’Ottavia restituita al trono” operaren garai modernoko estreinaldia, hain zuzen ere, 68. Musika Hamabostaldiko ekitaldirik esanguratsuenetarikoa izan zen. Izan ere, Victoria Eugenia berriztatua mukuru bete zen abuztuaren 6an opera ekoizpen apartaz gozatzeko. Halaber, Orchestre de Chambre de Lausannek, Christian Zacharias zuzendari alemaniar entzutetsuaren zuzendaritzapean, eskainitako kontzertuak eta Joaquín Achúcarro piano jotzaile bilbotarraren errezitalak ere arrakasta ikaragarria erdietsi zuten. Hala, ikuskizun batean zein bestean sarrera guztiak agortu ziren.

Antzinako musika zikloak aurreikuspen oro gainditu zituen, izan ere, eserlekuen %91,53 bete zen. Santa Teresa Komentua egoitza duen ziklo honetan 10.620 Є bildu ziren eta kopuru osoa Gipuzkoako HIESaren kontrako Herritar Taldea GKEari eman zitzaion. Organo zikloan ez ezik, interprete gazteen zikloan eta musika garaikidekoan ere jendearen erantzuna bikaina izan zen. Aipatu ziklo horietan guztietan iaz baino lagun gehiago gerturatu baitzen kontzertuotara. Halaber, nabarmentzekoa da San Bizente Elizaren V. Mendeurrenaren karietara antolatutako kontzertu-zikloaren arrakasta handia. Izan ere, 3.500 pertsona hurbildu ziren Parte Zaharreko eliza zaharrenean eskainitako kontzertuotara.

Giuseppe Verdiren “Otello” operaren kontzertuko bertsioaren bigarren emankizunarekin bukatu zen Kursaal Auditorioan 68. Musika Hamabostaldia. Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak, Semyon Bychkov zuzendari zuela, kantari talde zabal baten eta Donostiako Orfeoiaren eta Koloniako Irratiko Abesbatzaren babesa izan zuen oso kontzertu jendetsuak bizi izan dituen edizio honen itxiera ekitaldian. Inaugurazio eguna izan zen horren lekuko. Izan ere, 5.000 pertsona baino gehiago bildu zen egun horretan. Jende kopuru galanta da kontuan hartuta Kepa Junkerak egun horretan Haizearen Orrazian eskaini behar zuen kontzertua bertan behera geratu zela eguraldi kaskarraren eraginez.

Musika Hamabostaldiko kontzertuen irrati bidezko emankizunak

Musika Hamabostaldiaren  68. edizioaren balantzea egiterakoan, ezinbestekoa da, RNE –Radio Clásica-ren bidez– eta EITBren
–EITB Irratiaren bidez– presentzia azpimarratzea. Aipatu irratiek hogei kontzertu baino gehiago –zuzenean nahiz aurrez grabaturik–  eskaini baitzituzten jaialdian zehar. Kontzertu horien guztien artean, nabarmentzeko modukoa da Genevako Ganbera Orkestrak eta María Bayo sopranoak abuztuaren 23an eman zutena. Izan ere, kontzertu hori UER-aren (Irrati Batasun Europarra) bidez eskaini zen zuzenean eta 350.000 entzuletik gora bildu zituen.

     
   
Donostiako Udala - Ayuntamiento de San Sebastián Gipuzkoako Foru Aldundia - Diputación Foral de Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
 
Datuen pribatutasuna | Lege-oharra