twitterfacebookflickr

72. Musika Hamabostaldia Balantzea

72. Musika Hamabostaldia agurtu beharrean gaude. Budapest Festival Orchestrak amaiera bikaina emango dio 25 egunetan zehar 70etik gora ekitaldi eskaini dituen aurtengo edizioari. Kontzertu eta bestelako ekimenez blai jardun den jaialdia milaka lagunek gozatu ahal izan dute. Amaiera kontzertua aurtengo ardatz nagusiaren harira arituko da, hots, Franz Liszten musikaren inguruan, eta halaber, bere heriotzaren lehen mendeurrenean Gustav Mahler sinfonista handia gogoratuko dute. Ivan Fischer bere zuzendari titularraren gidaritzapean, Budapest Festival Orchestrak publikoa gozaraziko du, Liszten “Mephisto Walz” eta “Pianorako 1. Kontzertua” eta Mahlerren “Blumine” eta “1. Sinfonia, ‘Titán’” interpretatuz.

Hungariako musika, eta bereziki Liszten lana eta ondorengo musikagileetan izandako eragina, Béla Bartók, kasu, antolatutako hainbat ekitalditan nabarmendu da, hasi hautatutako musikagileetatik eta interprete eta orkestretaraino, hitzaldi eta ekintzetako edukiak barne. Inaugurazio egunetik hasi eta amaierako kontzerturaino jaialdia Hungariako musikaz inguratu egin da, hainbat ziklotan gailenduz. Hala, Organo, Garaikidea eta Interprete Gazteen Zikloak hungariar kutsuko programa anitz bildu dituzte.

Halaber, zuzendari nabarmenek izen handiko orkestren gidaritza hartu dute hainbat eszenatokietan. Ospe handiko izenak nahiz zuzendaritzaren kimu berriak nor baino nor aritu dira taula gainean. Rotterdameko Filarmonikoaren zuzendari den Yannick Nézet-Séguinen freskotasunak zirrara eragin zion publikoari, baita Vladimir Jurowski eta Orchestra of the Age of Enlightenment-en emanaldiak ere. Euren beteranotasunari helduz, ospe handiko zuzendariek, Päavo Jarvi, Jukka-Pekka Saraste eta Ivan Fischer-ek, saio bikainak eskaini zituzten berriz ere, publiko zorrotzaren eskakizunei erantzuna emanez. Gainera, opera klasiko baten taularatze berezia hartu du jaialdiak, hots, G. Rossiniren “Sevillako bizargina”.

Hilaren 7an ospatu zen Inaugurazio Egunaz geroztik, jaialdiak 42.000 lagun hartu ditu, iaz baino 2.000 lagun inguru gehiago.

Aitzitik, Hamabostaldiak hainbat musikagile oroitu ditu beren urteurrenetan. Are gehiago, Jesús Guridiren (1886-1961) heriotzaren 50 urte betetzen diren honetan, Hamabostaldia estrainekoz heldu da Gasteizera. Bestalde, aipatu beharra dago Guridiren omenez hainbat kontzertu-omenaldi  eskaini direla Arabako hainbat herritan, eta baita aurtengo edizioan berreskuratu den Kursaaleko Ganbera Aretoan. Hamabostaldiak beste musikagile batzuk omendu nahi izan ditu aurtengo edizioan, hala nola, Béla Bartók (1881-1945) Gustav Mahler (1860-1911) eta Tomás Luis de Victoria (1548-1611).

Aurreko ediziotan bezala, Kursaal Auditorioa ezinbesteko gunea bilakatu da. Arrakasta sarritan errepikatu da Kursaal Auditorioan: sei aldiz bete zen guztiz, eta %93-ko okupazioa izan du batezbete, iaz baino %1 gehiago. Kursaal Auditorioko proposamenetan arrakastatsuenen artean daude Koloniako Irratiko Orkestrak eta Donostiako Orfeoiak elkarrekin eskainitako emanaldia, non publikoak Beethovenen “9. Sinfonia” zirraragarria gozatu zuen, besteen artean. Sarrerak agortu egin ziren kontzertu honetarako, eta baita Budapesteko Orkestraren bi emanaldietarako ere, non Brahms, Dvorak, Liszt eta Mahlerren lanekin gozatzeko parada izan zuen ikuslegoak. Halaber, azpimarratzekoa da Rotterdameko Filarmonikoaren bigarren hitzorduak eta “Sevillako bizargina” operak erabat bete zituztela aretoak.

Victoria Eugenia Antzokiari dagokionean, Nikolai Lugansky pianista errusiarraren kontzertuak aretoa lepo bete zuen publikoa maitemintzea lortu zuen birtuosismoa adieraziz. Bestalde, nabarmentzekoa da Thierry Smits eta bere Compagnie Thorek eskainitako proposamen ausartak jasotako harrera, zeinetan dantza garaikidea eta Bach-en musika uztartzen ziren.

Antzinako Musika Zikloa, aurten ere Santa Teresa Komentuan ospatu dena, gustuko du publikoak, eta aurtengo edizioan ere, jendearen erantzuna bikaina izan da. Aurten, gainera, zabaldu berri duten San Telmo Museoan Iruñeko Ganbera Abesbatzaren kontzertu ederra gozatu ahal izan du publikoak. Orohar, bertaratze maila apartekoa izan da kontzertu guztietan.  2.000 entzule inguru gerturatu dira ziklora.

Hamabostaldiaren edizio honetan, azpimarratu behar da Interprete Gazteen Zikloak eduki duen ikuslego maila, talentu berrientzat lorbide delarik. Miramar Jauregiko antzokia bete egin zen antolatutako sei kontzertuetatik ia guztietan. Adierazgarria da benetan Jon Urdapilleta gaztearen emanaldiak jasotako harrera, 14 urte besterik ez eta aretoa lepo bete baizuen, publikoa eta kritika txundituz.

Musika Garaikideko Zikloan argi geratu da jaialdia plataforma egokia dela sorkuntza berritzaileentzat. Hungariako musika ixuri dute hainbat programek, eta estreinaldiek leku nabarmena izan dute aurtengoan. Lana estreinatu dutenen artean daude Euskal Herritik kanpo bidea egiten ari diren musikagile gazteak, Mikel Chamizo, esaterako, eta beste batzuk jada ospetsuak, hala nola María Eugenia Luc, Jabier Ituarte eta Zuriñe F. Gerenabarrena edota Alberto Posadas.

Azken urteotako Hamabostaldirik ibiltarienetako bat izan da aurtengoa, eta Musika Aitzaki Zikloak Jaialdia Donostiatik kanpoko hamar bat agertokitara helarazi du. Kontzertuak izan dira Pasaia, Beasain, Zumaia, Hondarribia, Azkoitia eta Lapurdiko Arcangues herrian. Hauen artean, gailendu zen Xabier Leteri Arantzazun eskainitako kontzertu-omenaldia, non 1.400dik gora lagunek emanaldi hunkigarria ikusi eta entzuteko parada izan zuten.

Organo Zikloa bereziki erakargarria izan da publikoarentzat. Hainbat zale joan ziren Donostia eta Gipuzkoako beste hainbat tenplutan egin ziren 10 kontzertuetara. Jende kopuru handiena – 400 – bildu zituzten kontzertuak Daniel Roth eta Giampaolo di Rosarenak izan ziren, San Bizente Elizan eta Artzain Onaren Katedralean ospatutakoak, hurrenez hurren.

2012ko aurrerapena
Musika Hamabostaldiko antolatzaileak hurrengo urteko edizioari begira dihardute lanean. Jaialdiaren 73. edizioan ospe handiko bi orkestra helduko dira gurera, Pariseko Orkestra eta Bamberg-eko Orkestra Sinfonikoa. Hauen gidaritzapean, bi zuzendari bikain: Christoph von Dohnányi, hungariar jatorriko maisu alemaniarra, eta Jonathan Nott britainiarra.
1929an jaioa, Dohnányi zuzendaritzaren maisutzat hartua da, sekulako ibilbide profesionala urratu baitu. Pariseko Orkestra gidatu zuen, eta egun Alemaniako Iparraldeko Irratiko Orkestra-NDRren zuzendari jarduten du. Bestalde, Nott bigarren aldiz izango da gure artean, izan ere, Gustav Mahler Orkestra Gaztearekin aritu baizen 2009ko Hamabostaldian. 1962an jaioa, Alemaniako orkestra ospetsuenetako bat zuzenduko du, Bamberg-eko Sinfonikoa, bira ugari egin eta arrakasta handia eskuratu duena.

73. Hamabostaldiko ildoak frantses kutsua izango du, zehatzagoak izateko, Claude Debussy musikagilearen lanak entzun ahal izango dira, besteen artean.

Azkenik, “Sevillako bizargina” operaren taularatzeak aurten izandako arrakastaren ostean, datorren urtean genero horrekin hitzordua Wolfgang Amadeus Mozarten lan batek beteko duela dago aurreikusita.

Share/Bookmark/Subscribe