
Musika Hamabostaldiak Victoria Eugenian burututako zazpi kontzertuetan azkena izango da honakoa, non kantua berriz ere protagonista bilakatuko den. Angelika Kirchschlager mezzosoprano austriarra eta Ian Bostridge tenor britainiarra arituko dira agertoki honetan, Julius Drake pianoan lagun, irailaren 1ean, arratsaldeko
20:00retan.Kontzertua oso-osorik eskainiko zaio jaialdiaren edizio honetan gogoratzen den musikagile bati: Hugo Wolf. Aurten ospatzen da batez ere bere lied ugarien sorkuntzarengatik ezagutzen den austriar musikagile honen jaiotzaren 150 urteurrena. "Lied" hitzak germaniar herrialdeetako konposizio tipikoak, pianoak laguntzen dion abeslari batentzat idatziak, izendatzen ditu. Musikaren eta poesiaren arteko loturak garrantzi berezia izaten du era honetako obretan.
Angelika Kirschschlager eta Ian Bostridgek, Julius Drake pianistarekin batera, ‘Spanisches Liederbuch’ eskainiko dute, 44 abestik osaturiko obra, alemanera itzulitako Espainiako poema klasikoetan oinarriturik Wolfek idatzi zuena. Hugo Wolfek 1891. urtean ondu zuen obra hau. Partitura honek musika jarri zien Miguel de Cervantes, Hitako Artzapeza, Lope de Vega eta espainiar literaturaren Urrezko Mendeko erreferentziazko beste egileen letrari.
Musikan argi antzematen zaio testuen Mediterraneoko giroari. Wolfek era guztietako gaiak bildu zituen kantutegi honetan: elizakoak, filosofikoak, umoretsuak… Obra honetan argi ikusten da zenbateraino landu zuen musikagile honek lieda genero gisa. Musika eta testua lotzerakoan erakutsi zuen maisutasunak arras aldatu eta hobetu zuen aleman kantugintza.Emanaldi hau nortasun suharrak tragikoki markaturiko obra utzi zuen musikagile honen sorkuntza ezagutzeko aukera ezin hobea izango da; Hugo Wolf-ek buru-eritasun larri bat sufritu zuen gaztetandik, eta bizitza osoan izan zituen depresio-une larriak. Opera handiak sortzearekin itsututa bizi zen, baina bere izaerak eta zaletasunak ia ezinbestez eraman zuten lied-aren mundu intimora, bere kasuan hitzetik sortzen ziren abestiak sortzera, miresten zituen idazleen poemak oinarri hartuz eta horiek musikaz osatuz. Zuen buru-eritasuna zela medio, konpultsiboki sortu zuen ia beti, eta inolako erregulartasunik gabe. 43 urte zituela hil zen, eroetxe batean itxita.Angelika Kirschschlagerrek eta Ian Bostridgek aparteko bikote bat osatzen dute obra hau elkarrekin eskaintzeko.
Bi abeslari hauek nazioarteko fama handia dute, eta oso esperientzia zabala lieden interprete gisa. Ian Bostridgek ezagutzen du jaialdia, 1998an jardun baitzuen bertan. Julius Drake esperientzia handiko pianistak lagunduko dio. Pianista hau ganbera-musikan dago espezializatua, eta nazioarteko fama duten bakarlari askoren ohiko laguntzailea da.Angelika Kirchschlager, mezzosopranoa. Gaur egun eskaera gehien jasotzen dituen artistetako bat da. Errezitalak eta operak eskaintzen ditu Europa, Amerika eta Asian. Strauss eta Mozarten operen interprete onenetakotzat hartzen da. Operaren alorrean, paper hauek interpretatu ditu besteak beste: Cherubino (‘Figaroren ezteiak’), Dorabella (‘Cosí fan tutte’), Sesto (‘La Clemenza de Tito’), Idamante (‘Idomeneo’), Octavio (‘Arrosaren zalduna’), Niclausse (‘Hoffmannen ipuinak’), Sophie (Maw-ren ‘Sophie’s Choice’), Melisande (‘Pelleas eta Melisande’), Hansel (Humperdinck-en ‘Hansel eta Gretel’), eta paper nagusia ‘Carmen’ operan.
Errezitalei dagokienez, oso errepertorio zabala du: Bach, Berlioz, Brahms, Debussy, Dvorak, Korngold, Mahler, Mendelssohn, Ravel, Rossini, Schubert, Schumann, Weill eta Wolf. Angelika Kirchschlager Salzburgon jaio zen, eta bertako Mozerteum eskolan egin zituen pianoko ikasketak. Salzburgoko Musika Institutuan graduatu ondoren, Vienako Musika Akademian sartu zen, eta Gerhard Kahry eta Walter Berry izan zituen irakasle. 2009an, Londresko Musikako Errege Akademian Ohorezko kide izendatu zuten. Irakasle dihardu Salzburgoko Mozarteum-en.Ian Bostridge, tenorra. Oxforden egiten zuen lan, doktoretza ondokoan, musikaren alorrean modu profesionalean jardun aurretik. Orduz geroztik, Salzburgo, Edinburgo, Munich, Viena eta Aldenburgh-eko jaialdietan eta hainbat Schubertiadatan kantatu du. 1999an, berari eskainitako H.W. Henze-ren abestien ziklo bat estreinatu zuen. 2003/2004 urteetan, Vienako Konzerthaus-eko eta Schwarzenberg-eko Schubertiadako artista egoiliarra izan zen. 2004/2005 urteetan, "Carte-Blanche" batean parte hartu zuen Thomas Quasthoffekin batera, Amsterdameko Concertgebouw-n, eta 2005/2006 denboraldian ‘Perspektibak’ saila egin zuen Carnegie Hallen; 2008an sail hori bera errepikatu zuen Londresko Barbican-en. Hainbat orkestrarekin abestu du, hala nola Berlingo Filarmonikoarekin, Vienako Filarmonikoarekin, Chicago, Boston, Londres eta BBC Sinfonikoekin, Londres, New York, Los Angeles, Rotterdam eta Royal Concertgebouwko Filarmonikoekin.
Maila handiko zuzendariekin aritu da, besteak beste, Sir Simon Rattle, Sir Colin Davis, Sir Andrew Davis, Seiji Ozawa, Antonio Pappano, Ricardo Muti, Mstislav Rostropovich, Daniel Barenboim eta Daniel Harding-ekin. 2001ean, Oxfordeko Corpus Christieko ohorezko kide izendatu zuten, eta 2003an, St. Andrewko Unibertsitateko musikaren alorreko Ohorezko Doktore. Lucasta Miller literaturako kritikariarekin ezkonduta dago, eta Londresen bizi dira beren bi seme-alabekin.Julius Drake, pianoa. Espezialista da ganbera-musikan, eta hainbat ahots eta instrumentu-bakarlariren laguntzaile aritzen da, bai zuzenean, bai estudioan. Azken emanaldiak Aldeburgh, Edinburgo, Munich, Salzburgo, Schubertiada eta Tanglewood-eko jaialdietara eraman dute, eta ondoko areto hauetan aritu da: New Yorkeko Carnegie Hall eta Lincoln Center, Amsterdameko Concertgebouw, Parisko Châtelet eta Louvre, Vienako Musikverein eta Konzerthaus, eta Londresko Wigmore Hall eta BBC Proms.
2000-2003 urteetan, Perth-eko Ganbera Musikako Jaialdiaren zuzendaria izan da, eta 2009an, Leeds Lieder jaialdiko eta Machynlleth-eko (Gales) jaialdiko zuzendari artistikoa izendatu zuten (2009-2011 denboraldirako). Londresko Middle Temple Hall aretoan jardun du ‘Julius Drake and Friends’ izenburuko sail batean hainbat artistarekin batera, besteak beste Sir Thomas Allen, Ian Bostridge, Phillip Langridge, Angelika Kirchschlager, Dame Felicity Lott, Katarina Karneus, Mark Padmore, Amanda Roocroft, Jose Van Dam eta Sir Willard Whiterekin. Londresko Royal Academy of Music-eko irakaslea da eta Royal Northern College of Music-eko irakasle bisitaria. Halaber, maisu-eskolak ematen ditu Amsterdam, Brusela, Oxford, Paris, Viena eta Baden bei Wien-en.
Ana Luisa Chovak emango du 73. Musika Hamabostaldiko II. Ahozko Teknikako ikastaroa. Haren ondoan, Rubén Fernández pianistak errepertorio-eskolak»»»
- Frantses musikagile bikainaren obraz gainera, haren jaiotzaren 150. urteurrena dela medio gogoratuko baita, programazioak, Debussyren garai»»»
Quincena Musical de San Sebastián
Avda. de Zurriola 1 · 20002 San Sebastián
Tel.: 943 003 170 · Fax: 943 003 175
email: info@quincenamusical.com