
Aurtengo Musika Hamabostaldia amaitzear dago. Gaur gaueko kontzertuak luxuzko protagonistekin itxiko du Jaialdiaren 2010 edizioa. Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionala, ibilbide distiratsua duena, eta 2008an ere jaialdi honetan ikusi ahal izan zena, Donostiako Orfeoiarekin batera arituko da. Ahots-taldea Hamabostaldiaren ezinbesteko partehartzaile da, eta 60 ediziotan baino gehiagotan parte hartu du. Kontzertu hau izango da, halaber, aurtengo jaialdian eskainiko duen hirugarren emanaldia. Hitzordua Kursaal Auditorioan izango da, 20:00etan.
Programa bi sortzaile errusiar handien obrek osatzen dute: Sergei Prokofiev eta Piotr Ilich Txaikovski, Errusiako musikari eskaini zaion edizio hau era borobilean agurtuz. Kontzertuan arituko da, baita ere, Ewa Podles kontralto poloniar entzutetsua, abuztuaren 31ean entzun ahal izan zen Hamabostaldian eta arrakasta handia izan zuen bertaratu ziren kritiko eta publikoaren artean. 2002ko Musika Hamabostaldian ere entzun ahal izan zen. Orkestraren gidari, errusiar maisu handi bat, Tugan Sokhiev, bere zuzendari titularra, hain zuzen ere. Zuzendari gaztea asko nabarmentzen ari da nazioarteko eszenatoki ospetsuenetan.
‘Alexander Nevski’ lanarekin ekingo diote kontzertuari. Sergei Prokofievek idatzi zuen partitura, Sergei Eisenstein errusiar zinemagileak izen bereko filmerako eskatuta. Film hori, 1938an ekoitzia, borroka odolzalea kontatzen duen drama epiko bat da; XIII. mendearen bigarren erdialdean, zaldun teutoiek Errusia inbaditu zuten, eta erresistentzia gogorrarekin topo egin zuten. Novgorod herria izan zen erresistentziaren gune nagusia, eta Nevski printzea izango da haien buruzagia eta heroia. Film hori filmatu zen testuinguru historikoaren barruan ulertu behar da; nazien ustezko inbasioaren mehatxuak gero eta indar handiagoa zuen, eta Stalinek zuzendutako aparatu politiko-militarrak gatazka armatuaren aurrean sutu egingo zen biztanleria behar zuen. Eisensteinek errespetu handia zion musikagilearen lanari, eta hainbat eszena laburtu egin zituen haren musikara egokitzeko.
Sergei Prokofievek orkestra, abesbatza eta mezzosopranorako kantata bat idatzi zuen film hartarako. Kasu honetan, Donostiako Orfeioak interpretatuko du ahotsari dagokion zatia, Ewa Podles kontralto poloniar ospetsuarekin batera. Bigarren kontzertua izango du Podlesek Hamabostaldian, joan den asteartean, Anna Marchwinska pianistarekin emanaldi bat eskaini baitzuen Victoria Eugenia Antzokian. Ahots nahastezinezko interprete honek oso ibilbide artistiko zabala osatu du, munduko agertoki onenetan barrena.
Toulouseko Kapitolioko Orkestra Nazionalak amaiera emango dio kontzertuari, errusiar eskola emankorraren baitako beste lan enblematikoenetako batekin: Piotr Ilich Txaikovskiren ‘5. sinfonia’. Musikagile hori aro erromantikoaren ordezkarietako bat da, eta oso ondo jakin zuen uztartzen errusiar herri musika eta teknika ezin hobea. Txaikovskiren musikari edertasuna dario, baina kezka eta urduritasuna ere islatzen ditu. Musikazaleen hainbat belaunaldi liluratu ditu. Bere ballet eta kontzertuekin batera, sei sinfoniak bere errepertorioaren atal nagusia dira. ‘5. sinfonia’ da, zalantzarik gabe, onespen handien duen sinfonietako bat. 1888an idatzi eta estreinatu zuen. Patua da (patuaren ezin asmatuko xedeekin batera) lan horren oinarrian dagoen gaia.
Ana Luisa Chovak emango du 73. Musika Hamabostaldiko II. Ahozko Teknikako ikastaroa. Haren ondoan, Rubén Fernández pianistak errepertorio-eskolak»»»
- Frantses musikagile bikainaren obraz gainera, haren jaiotzaren 150. urteurrena dela medio gogoratuko baita, programazioak, Debussyren garai»»»
Quincena Musical de San Sebastián
Avda. de Zurriola 1 · 20002 San Sebastián
Tel.: 943 003 170 · Fax: 943 003 175
email: info@quincenamusical.com